‘Hostoak’, kantua, musika eta dantza bateratzeko proiektu bat da. Oreka TX, Kukai Dantza Taldeak eta Amaren Alabak abeslari polifonikoak bat egin nahi izan dute elkar arteen arteko elkarrizketa horretan. Azpimarratzekoa da artista horiek guztiak ereduzkoak direla bakoitza bere diziplinan, euskal kulturaren tradiziotik abiatuta bilakatu eta gaur egungo planteamendu garaikideak garatu dituzten neurrian. Ikuskizun eszeniko horren bitartez, musika eta kantua dantzaren inguruan uztartzeko ahalegina egin dute. Zuzenekoan, dantzak musika eta kantuarekin partekatzen du eszenatokia, eta gainera, erronka zail bati heldu behar dio, bi adierazpide horiek beren mugak gaindi ditzatela lortu beharko duelako, mugimenduarekin eta koreografiekin bat eginik. Hortaz, arte horien mugak hautsi egin nahi dira, guztiak ere moldaerraz bihurturik elkarren arteko jolasean murgil daitezen, beren definizioen muga zorrotzen gainetik. Hala, musika-tresnak dantzaren koreografien parte dira, eta kantari eta musikariek, berriz, txalapartaren makilen antzera egiten dute dantza.
Ikuskizunak iraganeko sustraiei begiratzen dio, baina etorkizunari ere begira. Asmo eguneratzaile horri jarraiki, Oreka TX-eko kideek ‘tututofonoa’ izeneko instrumentua sortu dute, baxuak egiten duenaren antzeko soinu baxua egiten duena. Gainera, Amaren Alabak taldekoen ahots-joko berritzaileak dakartzagu, euskal kantutegia eguneratzean gain Gaztelako eta Okzitaniko hainbat kanta erantsi dituztenak, baita Kukaik dantza tradizionala eta garaikidea uztartzeko sortutako proiektua ere. Horren guztiaren osagarri, zuzenean sortutako hainbat irudi ematen dira aldi berean, ikuskizuna nolabait besarkatu egiten dutenak. ‘Hostoak’ proiektua euskal tradizioan dago sustraitua, baina enbor horretako adarretatik askotariko itxura, kolore eta motatako hostoak sortuko dira, mota askotako sentsazio eta emozioak sortuz eta gogora ekarriz. Zenbait kantu ikuskizunerako propio sortu dira, eta beste zenbait, berriz, kantu tradizionalen moldaketak dira. Besteak beste, Etxahun Iruriren, Xalbadorren, Beñat Mardoren eta Mixel Etxekoparren letrak entzungo ditugu, hainbat gai jorratzen dituztenak. Duela bi urte hazi zen hazia, 2011ko otsailaren 19ean loratu zen Donostiako Kursaalean. Ordutik ‘Hostoak’ ikuskizuna hiriz hiri ibili da antzoki guztiak betetzen eta publikoaren harrera beroa eta hunkigarria jasotzen.
FITXA TEKNIKO ETA ARTISTIKOA
Abeslariak: Maider eta Garaxi Bedaxagar, Luixi Agergarai, Arantxa Camus, Ihitz Iriart, eta Maika Etxekopar
Musikariak: Harkaitz Martinez de San Vicente, Igor Otxoa, Mikel Ugarte, Iñigo Egia, Mixel Ducau eta Juanjo Otxandorena
Dantzariak: Jon Maya, Ibon Ugarte, Alain Maya, Urko Mitxelena, Eneko Gil, Nagore Indakoetxe, Nera Vesga
Zuzeneko irudiak: Eñaut Muinoa
Proiektuaren zuzendaritza: Mireia Gabilondo eta Igor Otxoa
Eszena zuzendaria: Mireia Gabilondo
Ekoizpena: Igor Otxoa
Koreografia: Jon Maya
Musika zuzendaritza: Harkaitz Martínez de San Vicente
Argiztapen diseinua: Xabier Lozano
Soinu diseinatzailea: Mikel F Krutzaga
Produkzio zuzendaria: Zuriñe Goikoetxea
Jantziak: Ana Turrillas